XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Rooney, Christopher Lee eta Greta Scacchi Donostian izango dira

Hiru aktoreek osatuko dute ospetsuen errepartoa bihar hasiko den Zinemaldian

Mickey Rooney, Christopher Lee eta Greta Scacchi aktoreak bihar hasi eta hilaren 24ra arte iraungo duen Donostiako Zinemaldian izango dira.

Hirukote honek osatuko du jaialdiko pertsona ospetsuen taldea, aldez aurretik hemen egongo direla aurreratu zuten William Hurt, Oliver Stone, Terence Stamp, Penelope Ann Miller eta Donostia Saria jasoko duen Lana Turnerrekin batera.

Aktore ezagun horien agerpenak Donostiako Zinemaldiaren giroa berotu du ekitaldia hasteko bezperan.

Mickey Rooney, Christhopher Lee eta Greta Scacchiri, gainera, Joaquim Almeida aktore portugaldarra eta Espainiako ordezkaritza gehitu behar zaizkio, Gipuzkoako hiriburuan izango baitira jaialdian parte hartuko duten hiru filme espainiarretako aktoreak, hala nola, Penelope Cruz, Ariadna Gil, Carmelo Gomez, Javier Bardem eta Charo Lopez.

Zinemaldiko antolatzaileek atzo bertan jakinarazi zuten hirukotetik, Mickey Rooney aktore estatubatuarra da ezagunena, batez ere gaztetan egin zituen antzezlanei esker.

Rooneyk berrogeita hamar laburmetraia baino gehiago antzeztu zituen gaztetan eta estudio handiek zuzendari onen eskuetan jarri zuten beraiekin lan egin zezan.

Horrela, Andy Hardy gazte bihurria izan eta gero, Captains Courageous filmatu zuen Victor Flemingekin Fred Bartholomew gazteak protagonismo osoa kendu zion arren, The Adventures of Huckleberry Finn Richard Thorperen aginduetara eta Edison gaztea Taurogekin batera.

Aktorea Ava Gardnerrekin ezkondu zen 1942. urtean, baina bikoteak urtebete eskas iraun zuen elkarrekin.

Zenbait komedia egin zuen Bigarren Mundu Gerraren ostean, polizi lanak ere bai Drive a Crooked Road-en eta gaizkile psikopata bihurtu zen Baby Face Nelson lan bitxian.

Kamera aurrean makina bat urte eman ondoren, tramankuluaren atzean jartzea deliberatu zuen 1960. urtean, The private lives of Adam and Eve lantxoa zuzenduz.

Esperientzia ez zen batere aberasgarria gertatu, ordea, eta bere ohizko aktore zurrunbilora murgildu zen atzera, Breakfast at Tiffany's komedia dotorean parte hartu eta txinatar bati bizia emanez Blake Edwardsen aginduetara.

Handik urte batzuetara, 1978an, aktore ofizioa betirako utziko zuela agindu zuen baina handik gutxira Broadwayko taulen gainean agertu zen berriro, Sugar Baby musikal arrakastatsuan.

Pantailatik urruntzen saiatu den arren, agerpen bat edo beste egin du tarteka, horien artean, Juan Esterlichen La vía láctea filme polemikoa.

LEE DONOSTIAN BERRIRO.

Zinemaldian izango den beste gonbidatuetako bat, Christopher Lee, orain dela urte gutxi batzuk ere egon zen Gipuzkoako hiriburuan, Udal Kultura Patronatuak Terence Fisherri eskainitako zinema zikloa zela eta.

Aktore britainiarrak berrehundik gora filme antzeztu ditu eta marka onenen Guinness liburuan ageri da, zinemaren historian beste inor baino kreditu titulu gehiagotan agertzen den aktorea delako.

Mr. Hyde, Dracula, Fu-Manchu eta, batez ere, Frankenstein dira antzeztu dituen munstro ezagunenak.

Beldurrezko jeneroko klasiko bihurtu da urteen poderioz.

Greta Scacchi, berriz, James Ivoryren eskutik egin zen ezagun 1983. urtean, Heat and Dust lan ederraren bitartez.

Ondotik, Diane Kurysen The man in love, Alan J. Pakula zuzendariaren Presumed innocent eta Robert Altmanen The player lanetan parte hartu du, besteak beste.